XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kazetaritza tailerra

ALBISTEA

Kazetaritza, nonahi jazo den gertakaria jaso eta ahalik eta zabalen eta azkarren hedatzeko jarduna da.

Kazetaritzaren muina berria edo albistea da, notizia alegia.

Albistearen inguruan dago eraturik, beraz, edozein kazetaritza mota.

Kazeta edo egunkaria albistea jaso eta zabaltzeko tresna da eta albistea bera, gertakari edo egoera baten eta bere ingurumariaren azalpena.

Edozein gertakari argitara emateko modukoa den jakiteko, honako xehetasun eta ardatz hauei erreparatzen die kazetariak:

- Berritasunari, hau da, gertatu berria izateari; kontu zaharrak ez dira notizia.

- Interesgarritasunari: irakurlearen jakinmina eta grina sortzeko modukoa izateari.

- Berezitasunari, alegia, egunerokoa ez izatearen apartekotasunari.

Esaterako, txakurrak poliziako bere ugazabari hozka egiteak ez du ezer apartekorik, baina polizi ugazabak kolpe bateko mokaduan txakurrari izter puska bat kentzea ez da eguneroko kontua... beraz, albiste interesgarri izan daiteke.

Horra, bada, albistearen hautaketa egiteko erabiltzen diren hiru ardatz nagusiak.

Hemen duzu arau horiei atxiki eta egindako adibidearen aukera: 1992ko irailean Euskaldunon Egunkariak jasotako albistea duzu honako hau:

Tolosako Asuncion ospitaleko langile gehienek mugagabeko greba hasi dute Protestarekin kalean geratutako lankideei elkartasuna adierazi nahi diete. Tolosako Asuncion ospitaleko langileek medikuak ezik mugagabeko grebari ekin zioten atzo, kanporatu dituzten 14 langileei elkartasuna adierazteko. Era berean, langileen ordezkariak ospitaleko zuzendaritzarekin bildu ziren atzo kanporatutakoen egoera argitzearren. A. ORMAETXEA / DONOSTIA Medikuek ezik Tolosako Asuncion ospitaleko gainontzeko langileek mugagabeko greba hasi zuten atzo, 14 langile kanporatu izanagatik protestatzearren. Langileek, txandaka, bi orduko lan geldialdiak egin zituzten atzo, greban dagoen langile batek EGUNKARIAri adierazi bezala jende gutxi gaudenez, lan geldialdiak egiteko txandakatu egin behar dugulako Lan uzteak eguneroko zereginetan eta ebakuntzetako zerbitzuetan izan zuen eragina, baina larrialdiak bete egin ziren gutxienezko zerbitzuak martxan jarri zirelako.

Albiste honetan lehen bi ardatzak erraz nabarmentzekoak dira.

Berezitasuna ahulagoa da, itxura batean... huelga egitea ez baita hain berezia; baina ospitalean eginiko lan uzteak badu bere interesgune nabaria, gaixoengan eragin litzakeen ondorioengatik, jakina.